HEZKUNTZA NAFARROA

Hezkuntza Departamentuak errefortzu orduak birbanatu eta ikasle bakoitzeko arreta 47 segundora murriztu du

2025/05/07
Hezkuntzaren proposamenak iazko lehen hezkuntzako errefortzu orduen kopuru bera ematen die ikastetxe gehiagori, beraz, ikastetxe bakoitzari esleitutako ordu kopurua txikiagoa izango da. Bigarren hezkuntzarako pakete berri bat ezartzen duen arren, ez du ikastetxeek duten egiturazko arazoa konpontzen.

Hezkuntza Departamentuak 2025-2026 ikasturterako plantillak indartzeko proposamena helarazi die sindikatuei, ANPE, AFAPNA eta UGT sindikatuekin gutxiengoan adostutakoa oinarri hartuta.

Haur eta Lehen Hezkuntzan egin duen gauza bakarra aurreko ikasturteko ordu kopuru bera birbanatzea izan da, zentro gehiagotara errefortzu-ordu gutxiago irits daitezen, ikastetxe horien zaurgarritasun indizearen arabera. Lehen, ikastetxeei laguntzako 12 ordu ematen zitzaizkion astean 300 ikasleko eta orain 8 ordu emango zaizkie. Hau da, ikasle bakoitzak astean minutu eta erdiko arreta gehiago izango du neurri horri esker.

Bigarren Hezkuntzan, halaber, 270 orduko laguntza-pakete bat ezarriko da ikastetxe ahulenetan. 6 ordu 500 ikasleko, hau da, bakoitzarentzat 47 segundoko arreta astean.

ELAk beti ikusiko du egokia baliabideak areagotzea, baina serio egiteko eta hezkuntza publikoaren kalitatea behar bezala hobetzeko izan dadila eskatzen du.

Behar adina inbertitu behar da sistemaren beharrei benetan erantzuteko eta titularra Departamentuaren irudiaren aldekoagoa izan dadin dauden baliabideak manipulatzeari utzi. ELAk mobilizatzen jarraituko du, hezkuntza publikoa funtsezko zerbitzu gisa merezi duen aurrekontuaz hornitu dadin.